gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
Lunes 25 noviembre 2024
Castelao
GIPUZKOAKULTURA.NET > GUÍAS DE LECTURA > CASTELAO
CASTELAO - UN CUENTO


INGELESA


Nik ingeles bat akabatu nahi izan nuen, patriotismoz. Gertakaria Republica Argentinako Pampa Centralean jazo zen eta Kubako gerra garaian.

Hamabi urteko mutiko ahula nintzen ni orduan, sorterriko aurkintza utzi berrien morriñak eta bizi behar nuen lurraldeen tristurak hartua.

Nire aiton-amonen baserriko sutondoan ikasitako leienda eta ipuinek zirikatzen zuten nire irudimena eta ematen zioten haize nire sinesberatasunari, halako moldez non gure egunkarien burrunba guztiei fede emateaz gain, motzak eta kikilduak irizten nien albisteei. Ni, izan ere, patriota borrokalari bat nintzen, aberria ere handia eta indartsua bainuen, ingeles batena bezalakoa, aleman batena bezalakoa... Aberrikeriazko uholdeak, hainbat eta hainbat atzerritu Kubako gerrara zeramanak, nire haur-zentzu gaixoa ere eraman zuen.

Apika arbasoen marinel-odolak ezarri zuen nire baitan gure itsas-boterearekiko makurtasun suhar hura. Eta aitaren dendako paretetan azaltzen hasi ziren, txartel gisa, gudaroste espainolaren untziak, nire eskuak margotuak.

Gure untzien larderia hobeki erakustearren beti ipintzen nizkien demasako tximinia bina, denak kea jario: ke beltza, tragikoa oso. Eta ondoren, untzi bakoitzaren azpian, idazki hanpatuak ageri ziren, sukar aberrianoak diktatuak: "Gizajoa aurrean jartzen dena!", "Gurekin ezin da!", "Zuek guztientzat gureetako bat aski!"...

Don Gillermo ingelesak beti bidaiatzen zuen bi gautxorekin eta aunitz zaldirekin. Bere Río Negroko lurraldeetarik jaisten zen aldiro gure etxean egiten zuen lo. Jendetasun apurreko gizona zen, eta

larruzko gerrikoan beti ageri zuen rebolber bat nakarrezko giderrekoa: argudio beldurgarria lurralde haietan.

Don Gillermok leher egin zuen barrez nire marrazkiei erreparatu zienean, eta orduan haren bozkarioa handiagotu zuten hitz suminez erantzun nion halako laidoari.

Esan behar dizuet ni heroi edo martiri ezpalekoa nintzela eta neure patriari zerbitzatzeko berdin zitzaidala erahil ala hiltzea; baina ingelesak -lima tematiaren umorea- tira egiten zion nire jenioari, zoratu egiten ninduen haserrez eta gero trufa egiten zien nire irainei. Nork irentsaraziko liokeen nakar-giderreko rebolber hura! Nork hila ikusiko, erdiz erdi irekia eta zintzilik!

Zenbatetan zen pasa Don Gillermo handik, hainbatetan sutu ninduen amorruz; baina nik banekien untzioste espainolaren garaitzak aski indar emanen zidala ingeles puztu haren harrokeria zapaltzeko.

Izaten genuen lotarako etxean andaluz festazale bat ere, ni bezain patriota. Andaluzak beti zekien egunkariek esaten zutena baino aunitzez gehiago, eta haren esamesak ziren gero nik ingelesaren aurka erabiltzen nituen armak. Halako batean ahapetik kontatu zidan Peral itsaspekoa ari zirela prestatzen, baina Gobernamenduak ez omen zuen nahi jakin zedin.

Nik zin egin nuen isilpean gordeko nuela, eta ezin izan nuen zina bete. Hainbeste amorrarazi ninduen ingelesak gure untziez trufa eginik, non suminaldi batean dena deskubritu nuen:

-Ba nik esaten dizut jartzen ahal direla munduko untzioste guztiak aurka, ze... ze Peral itsaspekoa ari baikara prestatzen.

Santiago de Cubako hondamenak suntsitu zituen nire itxaropenak, eta ez litzateke samurra izanen orain deskribatzea murgildu nintzen etsipen azkengabea. Egun haietako batean ingelesa pasa zen eta, beharbada nire tristuraz errukiturik, ez zen nire untziez trufatu; baina hitz sarkastiko hauekin mindu ninduen:

-Orain munduan den untziosterik handiena duzue itsaspekotan... -ez ahal zuen halakorik inoiz esaten Don Gillermok, bertatik erabaki bainuen akabatzea. Uhin gorriak ez zuen nire irudimena baretzen uzten, eta alde aurrez dastatu nituen krimenaren atseginak. Ezerk ez zidan eragozten eskuak zikintzea: zorigaitzak zapaldutako nire aberriaren onerako zen.

O, krimenaren plana demoniozkoa zen! Gaueko ordu biak irian, izkutuka sartuko nintzen nire etsaiaren gelan. Isilean ibiliz, zango puntetan, ohe ondora hurbilduko nintzen eta bat-batean, zazta!, labana landatuko nion eztarrian. Ikusten nuen ingelesaren odola irteten, borborka; ikusten nuen ostikoka hilaginik, eta damuaren mendrenak ere ez zuen nire kontzientzia jo.

Ongi begiak zabalik oheratu nintzen gau hartan. Hainbesteraino berantetsi zen komertzioko erlojua ordu biak jotzen, non loak hartu ninduen.

Iratzarri nintzelarik Pamparen bizkarrean jotzen zuen eguzkiak. Ingelesa mirari batek salbatua zen.

Rianxo, 1914

(Zirtzilak. Kristalezko Begia. Koldo Izagirrek euskaratua. Susa, 1987)

ex

 

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net