gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
2024ko azaroak 14, osteguna
Castelao
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > CASTELAO
CASTELAOREN AURKEZPENA

Galegoz



Alfonso Daniel Rodríguez
CASTELAO
(1886-1950)


Galicia XX mendearen atarian

“Galizian ez da protestarik egiten, Galizian emigratu egiten da”, idatzi zuen Castelaok bere estanpa ezagun baten oinean. Horrelaxe heldu zitzaion Galiziari XX mendea, bere arazo larriena konpondu gabe: galegoek Ameriketara hartu behar zuten lan bila. Galizia herri laborari eta arrantzalea genuen, “trabuco” izeneko zergek itoa bizi zen, kazikeak ziren administrazioa, eta beraiek egiten zuten politika, beti ere Madrilen interesen arabera.

Alabaina, Erdi Arotik mutu egon zen literatura berpiztu egin zen hemeretzigarren mendearen hondarrean, bi figura handirekin: Rosalía de Castro eta Manuel Curros Enríquez. Beren galegotasuna erdaraz ematen eta emango zuten Pardo Bazán, Valle Inclán, Fernández Flórez eta beste zenbait idazlek ez bezala, Castro eta Curros galegoz idatziko zuten beren obra nagusia. Honenbestez galegoa kultura mailako hizkuntza dela erakutsi zuten, galegoaren irakurle egin zituzten kaletar kultuak. Baina galegoen gehiengoa analfabetoa zen bere hizkuntzan.

danos



Nós belaunaldia

Primo de Rivera-ren diktadurapean talde intelektual garrantzitsu bat sortu zen Galizian (Ramón Otero Pedrayo, Vicente Risco, Antón Losada Diéguez, Alfonso R. Castelao...) Castrok eta Currosek hasitako ildoaren jarraitzaile, laborari eta arrantzaleen hizkuntza oinarri hartuta nazio-kultura unibertsal bat egitea zuena helburu. Hainbat itzulpen, saiakera eta sorkuntza egin ziren belaunaldiaren bilgunea zen Nós izeneko aldizkariaren inguruan, gaur egun Galiziako literatura garaikidearen hasiera bezala hartzen direnak. Hauxe izan zen Castelaoren ideia estetikoa ere: bertatik abiatzea unibertsaltasunera, bere obra grafikoan adina frogatzen dena bere obra literarioan.

Castelao

Alfonso Daniel Rodríguez Castelao 1886an jaio zen Rianxo-n, A Coruñako itsasertzean, arrantzale familia txiro batean. Umea zelarik eraman zuten gurasoek Pampara, eta egonaldi honetan girotu zituen bere lehen idatziak. Bost urte geroago itzuli zen Galiziara, eta batxilerra egin ondoren medikuntza burutu zuen. “Aitari nion maitasunagatik egin nintzen mediku, baina humanitateari nion maitasunak medikuntza uztera behartu ninduen”, esan ohi zuen ironiaz Castelaok. Izan ere, bere zinezko bokazioa marrazkian dago, irrimarran, pinturan. Zenbait lan teoriko egiten du, erakusketak zabaltzen ditu Madrilen eta Ourensen. Arrakasta datorkionean, erretina erortzen zaio. Ikusmen arazo larriak izango zituen bizi guztian.

ollo

Castelaoren heldutasun artistiko eta literarioak Primo de Riveraren diktadura eta Errepublika hartzen ditu. Orduan argitaratu zituen idatzi gehienak (Zirtzilak izeneko ipuin laburrak, Gauzak bilduma, Kristalezko Begia narrazioa eta Betiko biak nobela) , Nós (http://www.museocastelao.org/albumnos/index.html) izeneko album batean bildu zituen bere marrazki esanguratsuenak, eta guztiz ospetsu egin zuen herriz herriko erakusketa erakutsi zien galego guztiei. Bertan islatu zuena emigratuaren tristura da, laborari pobrearen amorrua, kazikearen lukurreria... Amore ematen ez duen umorea du Castelaok, eta bere arteak alderdikeriak gainditzen dituen kalitatearen bitartez egiten du galegismoaren kausaren alde.

Espainiako II Errepublika heldu delarik, Castelao, beti prest herritarren bizimodua jaso eta eskakizun kolektiboak bideratzeko, bete-betean sartzen da jardun politikoan. Madrileko Gorteetan diputatu, kemen handiz defendatzen ditu bere herriaren hizkuntza eta estatutu baten eskubidea. Elkartasunezko bilkurak eta jardunak egiten ditu katalan eta euskaldunekin, eta hauxe sinatzen du 1933an Gernikako Batzar Etxeko bisita liburuan: “Identificados vascos, catalanes y gallegos, ante el problema de liberación de nuestros respectivos pueblos, sellamos hoy bajo el árbol de Gernika el pacto de mutua solidaridad que ha de traernos la satisfacción de aquel anhelo.”

1936ko altxamendu faxistak erbestera darama Castelao. Ameriketan lanean jarraitzen du Galizia eta Errepublikaren faboretan. Sobiet Batasuna, Estatu Batuak, Cuba eta Mexiko jotzen ditu hizlari eta mitinlari galegismoaren lider gisa. Galizia Martiri, Milizianoak, Atila Galizian bildumak marrazten ditu Francoren ankerkeria erakutsiz, eta baita Beltzen Estanpak ederra ere. Agureok ez genuke maitemindu behar izeneko antzerki-fartsa idazten du, baina aro honetako lan nagusia Beti Galizian saiakera du, nazionalismo galegoa ulertzeko ezinbestekoa, “Galegotasunaren Biblia” esan izan zaion liburu mardula. Bere herriaren historian eta kulturan eginiko halako bidaia bat dela medio, Castelaok erakusten du benetako eta osoko askatasuna gizakiari bezainbeste dagokiela herriei, eta nazio orok duela autodeterminaziorako eskubidea.

Castelaok oso adiskide izan zituen Agirre eta Irujo, eta 1944an Mexikon ordezkari galego, katalan eta euskaldunek sinatu zuten Galeuzca hitzarmenaren sustatzaile nagusienetakoa izan zen, haren zenbait proiektu izenpetuz. Argentinan hil zen 1950ean, eta bere gorpua Compostelan datza gaur egun.

Castelao egun

Manuel Rei Romeu idazleak dioen moduan, nortasun berezi batean elkar elikatzen duten artista jeniala, idazle gorena eta abertzale jatorra biltzen ditu Castelaok bere baitan, eta osotasunean baino ezin liteke interpretatu. Gaur egun ere, Castelao ezinbesteko sortzailea zaio kultura galegoari, eta nahitaezko erreferentzia abertzaletasunari. Egia dio Rei Romeuk, baina ez egia osoa. Castelaoren lan literario eta artistikoan bezala bere gizatasunezko ereduan, ez bakarrik galegoek, baizik eta herri txiki zapaldu guztiek, mundu zuzenago bat nahi duten nonahiko gizon eta emakume guztiek edukiko dituzte beti lanerako eta elkartasunerako eredu bikainak.

ex

 

Gora

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net